• Basoko Altzariak izan da, gurean, errealitate birtuala etxe erreformen sektorera lehenengoz ekarri duena

Orain posible da etxe bat erreformatuta bisitatzea, obrak hasi ere egin ez direnean. Basoko Altzariak (Villabona) 3D teknologian oinarritutako errealitate birtualeko betaurrekoak –VR betaurrekoak– erabiltzen hasi da, bezeroei aurre-proiektuak erakutsi eta norbere etxea nola geratuko den bistaratzeko.

Egitasmo berritzailea da, orain arte inguruan ez baita horrelakorik ezagutu sektorearen barruan. Sorreratik izan du berritzaile sena Basoko Altzariak enpresak; bada, oraingoan, errealismoa eta 3D teknologia jarri ditu bezeroen eskura, erabakiak hartzean, bezeroei erraztasunak emateko.

Nola funtzionatzen du?

Teknologia honi esker, aurre-proiektuak 3Dn ikus daitezke. Hau da, dendatik bertatik etorkizuneko etxearen barrena ibil daiteke, oraindik obrarik egiten hasi gabe. [Ikusi bideoa]

Gela batetik bestera joateko aukera ematen du, bitartean antolamendu edo distribuzioa, altzariak edota dekorazio elementuak bistaratuz. Eta hori guztia, tamaina errealean.

Malgutasuna da teknologia honen bertute nagusietako bat. Izan ere, eskuartean aurre-proiektu bat baino gehiago izatean, guztiak ikusi ahal izango dira, konparaketak egiten joateko. Antzerako zerbait gertatzen da aldaketekin: bezeroek proposatutako moldaketak aurre-proiektuan aplikatzean, nola geratuko liratekeen erakusten dute.

Argitasuna ere moldagarria da bisita birtualean. Eguneko ordua hautatzeko aukera ematen dute betaurrekoek, eta horren arabera, gelaren kokapena ere kontutan izanda, argitasun maila ordu horretara moldatzen da. 

Bezeroei erraztasunak ematea helburu

VR betaurrekoei esker, bezeroei errazagoa zaie erreformari buruzko erabakiak hartzea. Onurak, ordea, ez dira bezeroentzat soilik. Basokok bezeroekiko arreta zerbitzua osatu du.

“Etxean erreforma bat egitea erabakitzean, aurrez eta zure begiekin azken emaitza nolakoa izango den ikusi ahal izatea oso lagungarria da bezeroentzat. Ez dago horretarako modu hoberik gaur egun”, azaldu du Jaime Garcés, Basokoko arduradunak.